Sistema unibertsal bihurtzeko bidean aurrera egiteari eta eskubide subjektiboa gauzatzeari buruzko gomendioak
1.Gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboari, bana-banako eta komunitateko esku-hartze ereduari eta etengabeko laguntzaren printzipioari edukia eman.
Batzuetan, zerbitzu jakin bat eskuratzeko baldintzak ezartzea edo hartzaileak prezioaren zati bat ordaintzeko beharra oztopo bihurtzen da gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboa baliatzeko, edo zaildu egiten du etengabeko laguntzaren printzipioa betetzea. Pertsonen eta familien bizitzan linealak ez diren hainbat prozesu gertatzen dira; hortaz, beharrezkoa izaten da zerbitzu edo prestazio bat edo beste ematea, edota horren kokapena aldatzea, pertsonaren edo familiaren egoera kontuan hartuta. Dinamismo hori kontuan hartu beharko litzateke zerbitzu eta prestazioak eskuratzeko modua arautzean, esku-hartze plana, zerbitzu eta prestazioen esleipena edo –Euskal Autonomia Erkidegoan bizilekuz aldatzen bada– horien kokapena aldatzea ahalbidetzeko, eta horrela, etengabeko laguntzaren printzipioa betetzeko. Era berean, erabiltzaileak zerbitzuri dagokion prezioaren zati bat ordaintzeak ez luke zerbitzu eta prestazioen hautaketa baldintzatu behar, baizik eta pertsonen beharrizanak kontuan hartu beharko lirateke zerbitzu edo prestazio bat hautatzeko orduan.
Nori zuzendua: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak (udalen elkarteak barne).
2.Gizarte-zerbitzuen sistema unibertsala lortzeko bidean 2020tik hara aurrera egiteko konpromisoa hartu.
Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa onartu berriak hemendik 2020. urtera hazkuntza bide nabarmena deskribatzen badu ere, ez du esaten zerbitzuen estaldura-maila % 100era hurbilduko denik. Gauzak horrela, Plan horren bidez konpromisoak hartu ondoren eta bertan adierazitako denbora-mugatik harago, aurrera egin behar da gizarte-zerbitzuen euskal sistema unibertsalago bat lortzeko bidean, pertsonen gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboa udalerri guztietan bermatu, udalerrien eta eskualdeen arteko desoreka behin betiko gainditu eta euskal herritar guztiek gizarte-zerbitzuak eskuratzeko aukera berdina izan arte.
Nori zuzendua: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak.
Udal gizarte-zerbitzuetako eremu eta sailetan, gizarte esku-hartzeari loturiko lanari buruzkoak
3.Gizarte-lanaren garrantzia, eta norberaren ongizatean ez ezik, kohesio sozialean eta egungo eta etorkizuneko kulturan eta ekonomian ere duen eragina ardura politiko eta teknikoaren mailan onartu.
Arduradun politikoek zein teknikoek onartu beharko lukete gizarte-zerbitzuetako profesionalek gizartean egiten duten lanaren eragin nabaria pertsonen ongizatean, kohesio sozialean eta egungo eta etorkizuneko kulturan eta ekonomian. Ildo beretik, komenigarria izango litzateke adierazle egokiak edukitzea eta emaitzak biztanleei helaraztea, eragina bera eta gizarteari ekartzen dizkion onurak ezagutarazteko.
Nori zuzendua: udalak (udalen elkarteak barne).
4.Profesional adituez osatutako diziplina anitzeko talde nahiko handiak eratu eta euren eginkizunak betetzeko baldintza egokiak sortu.
Kalitate ona duen eta arreta pertsonalizatuko eredu komunitarioari jarraitzen duen lehen mailako arretaren garapenak, harremanetan oinarritutako prestazioa ezaugarri duenak, motibazioa duten eta nahikoak diren profesional adituen lana du ardatz. Horretarako, ezinbestekoa da udalek honako gai hauek aintzat hartzea:
•Udal gizarte-zerbitzu bakoitzak behar duen ezagutza espezializatua bermatuko dioten diziplina anitzeko taldeak eratzea. Kualifikazio egokia duten profesionalen taldeak, nahikoa kide dituztenak. Eratzeko modu hori baldintzak –pertsonalak, materialak eta funtzionalak– arautzen dituzten dekretuetan adierazi beharko litzateke; 18. gomendioan aipatutako dekretuak garatu edo berrikusi gabe daude oraindik.
•Taldeen ezaugarriak ezartzean, honako hauek kontuan hartu beharko dira: 1) bai dagoen eskaria, bai adierazi eta erantzunik gabe dauden premiak detektatzera bideratutako zereginak; 2) erabiltzaileei arreta zuzena emateko denbora-tarteak, talde-lana eta koordinazioa, bai gizarte-zerbitzuen sistemaren barruan, bai beste gizarte-babeseko sistema batzuekin; 3) kudeaketa-sistema aurreratuen funtzionamenduari loturiko atazak: planifikatzea, kudeatzea eta ebaluazioa egitea; 4) ezagutza eguneratzen eta etengabeko prestakuntza jasotzen emandako denbora.
•Bestalde, harreman-prestazio hura garatzen duten pertsonek (gizarteratzen laguntzea) osasun-arrisku psikosozial ugari jasan behar dituztenez, nabarmen hobetu behar dira lan-osasuna babesteko neurriak, bai prebentiboak gainbegiratzea, krisi-egoerei, tentsioari edo estresari aurre egiteko trebatzea, etab., baita zereginei heltzeko moduari eta profesionalentzako laguntzari loturikoak ere.
•Azkenik, eskakizun kuantitatiboek, baita prestakuntzari, lan-baldintzei eta horien barruan lan-osasunari loturikoek ere, udal gizarte-zerbitzuetako langile guztientzat berdinak izan beharko dute, zerbitzua ematea kudeatzeko formula edozein dela ere –kudeaketa zuzena edo zeharkakoa, kontratu, hitzarmen zein kontzertazioaren bidez–. Horrek esan nahi du zeharkako kudeaketa ez dela erabiliko profesionalen lan-baldintzak okertuz kostuak merkatzeko eta zerbitzuen aurrekontuak egitean lan-baldintza duinak eta kalitate onekoak bermatuko direla.
Nori zuzendua: udalak (udalen elkarteak barne).
5.Profesionalen prestakuntza sustatuz eta lankidetza, hausnartzea, eta lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuei informazioa eta laguntza teknikoa ematea ahalbidetuko duen koordinazio-egitura ezarriz, esku hartzeko eredu komunak garatu.
Gizarte esku-hartzea diagnostikoan, banakako arretaren planean eta balorazioa emateko tresna guztietan islatu eta idatziz jaso behar da.
Gizarte-zerbitzuek lan-tresna homogeneoak (Fitxa, Diagnostikoa, Baremoak…) erabiltzeak aurrerapena ekarri du, tresna garrantzitsuak eta arauak garatu gabe egon arren (beste gomendio batean azpimarratzen dugunez).
Gizarte esku-hartzea udalek burutzen dute, eta horretarako, hainbat profil profesional, arreta-ratio, programa-eduki, jarduera erregistratzeko sistema eta esku hartzeko eta baliabideetara bideratzeko prozedura edo eredu erabiltzen dituzte; horiek guztiek ahalik eta homogeneoenak eta antzekoenak izan beharko lukete.
Kasu bat bideratzeko orduan, gizarte esku-hartzearen norabidea, kasua ulertzeko eta arrazoiak aztertzeko modua (arazoaren diagnostikoa egitea) edo esku hartzeko prozesua bideratzeko era erabilitako ikuspegi teorikoaren araberakoak izaten dira, batez ere. Elkarren artean oso desberdinak diren zenbait eredu daudenez, erakunde honen iritziz, esku-hartze ereduak guztientzat (edo gehienentzat) berdina eta gizarte-zerbitzuetako profesionalen artean adostua izan beharko luke. Hori dela eta, eguneroko praktika baliatuz eta dinamismo sozialarekin loturiko faktoreak zein aurrerapen akademikoak edo berrikuntza sozialak txertatuz eredua eratzea eta garatzea ahalbidetzeko, hausnarketa egiteko eta lana partekatzeko esparruak behar dira. Gainera, esparru horiek eguneroko lanean erabiltzen diren baliabide eta tresnak ebaluatzeko eta hobekuntza-proposamenak egiteko balioko dute.
Esku hartzeko eredu komuna lortzeko bidean aurrera egiteko, gizarte-zerbitzuetako profesionalek etengabe jaso behar duten prestakuntzaren balioa azpimarratu behar da. Gizartearen errealitatea dinamikoa da eta etengabe aldatzen ari da, hortaz, guztien artean hausnarketa eta ebaluazioa egiteko zein prestakuntza jasotzeko denbora funtsezkoa izango da esku hartzeko eredu komuna sortzeari begira, pertsonen eta kolektiboen premia aldakorrei erantzun egokiagoa ematea ahalbidetze aldera.
Lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuek esku hartzeko eredu komun bat erabiltzeak zehaztasun profesionala eman diezaioke gizarte esku-hartzeari; ondorioz, erabiltzaileek modu homogeneoan hautemango dute zerbitzua, esku-hartzea garatzeko udalerria edozein dela ere; horrek, seguru asko, ulermena eta harmena hobetuko luke, banakako esku-hartze plana egiterakoan eta gauzatzean.
Horretarako, sustatu beharko litzateke, alde batetik, koordinazio-egitura bat, partaidetzan oinarritutako metodologiaren bidez, esku hartzeko eredu komuna lortzeko behar dena antolatzeari begira; eta bestetik, gizarte-zerbitzuetako langileei zuzendutako prestakuntza. Gizarte-zerbitzuen euskal sisteman ardura duten erakunde eragileek ados jarri beharko lukete, eginkizun horretaz arduratuko den organoa aukeratzeko.
Nori zuzendua: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak (udalen elkarteak barne).
6.Bizitza osoan zehar pertsonari arreta ematea bermatu, etenaldirik edo gerorapenik gabe.
Gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak esleitzeko moduak zerbitzu eta prestazioen erantzukizuna banatzea ekarri du; izan ere, gizarte esku-hartzea eta pertsonei arreta ematea “banatu” egin da, baina eskumenen bereizketa tekniko horrek batzuetan ez die behar bezala erantzuten pertsona horien funtsezko premiei edo linealak ez diren prozesuei.
Gizarte-zerbitzuen arloko printzipio gidaria –pertsonengan zentratutako arretari loturikoa– kontuan izanik, egungo praktikaren eta gizarte esku-hartzean lehen mailako arreta eta bigarren mailakoa bereizteaz hausnartu behar da; izan ere, baliteke gizarte-zerbitzuetarako eskubidea duten pertsonei arreta ez ematea, euren beharrekin zerikusirik ez duten arrazoi batzuengatik. Agian, beharrezko izango litzateke adierazle batzuen garrantzia berraztertzea, hala nola aldatzeko motibazioa edo arazoaz kontziente izatea, edota zerbitzu eta prestazioak eskuratzeko baldintzak berrikustea. Berriz azpimarratu nahi dugu azken helburua: saihestu behar da bazterketa-, babesgabetasun- edo mendetasun- egoeran dauden pertsonak arretarik gabe uztea (hainbat arrazoi direla medio: ebakuntza egin ondorengo itxaronaldiak, aldatzeko motibaziorik ez antzematea, etab.).
Zentzu horretan, aurrerago garatuko ditugun koordinazio-neurriez gain, balorazio-tresna teknikoek egun dauzkaten parametroen baliagarritasunaz hausnartzea eta berauek ebaluatzea proposatu nahi dugu; era berean, zerbitzuak eskuratzeko beste baldintza batzuk berraztertu beharko lirateke, adibidez, mendekotasunaren balorazioa egiteko itxaronaldiak egiteko beharra, aldatzeko motibazioaren edo arazoaz kontziente izatearen egiaztapena; hori guztia, arretarik jaso gabe utzitako pertsonak ez egoteko, edo arreta intentsiboa behar dutenei lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuetan arreta ez emateko.
Nori zuzendua: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak (udalen elkarteak barne).
7.Pertsonen eta pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeen parte hartzea bultzatu.
Ardura publikoko gizarte-zerbitzuen sistema unibertsal bat lortu nahi izanez gero, pertsonak –eskubidedunak diren aldetik– udal gizarte-zerbitzuetan parte hartzera bultzatu behar dira:
•Norbanakoarengan edo familietan esku hartzeko prozesuetan, banakako esku-hartze plana definitu, garatu eta ebaluatzean, baita zerbitzu eta zentroen bizitzan eta antolakuntzan ere parte-hartze aktiboaren bidez.
•Gizarte-zerbitzuen inguruko udal politika diseinatu eta garatzeko prozesuetan, herritarren partaidetza antolatua lehenetsiz: foroen bidez, kontsulta- edo aholkularitza-organoen bidez zein parte hartzeko organoen bidez (gizarte-zerbitzuen arloko toki-/udal kontseiluak, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean aipatutakoak); era berean, herritarrek parte hartzeko bide berriak irekiko dira, udalerriko biztanleek ekarpenak egin ditzaten.
Informazio eta komunikazio teknologia berriek parte hartzeko erabil daitezkeen tresnak ematen dituzte, hortaz, aztertu beharko lirateke euren aukerak, helburu horretarako baliagarriak izan daitezkeenak.
Nori zuzendua: udalak (udalen elkarteak barne).
Udaleko gizarte zerbitzuek garatu beharreko programei eta zerbitzuei buruzkoak
8.Komunitate-garapenerako eta -bitartekaritzarako programak abiaraztea.
Komunitate-lanak (banakako lanaren osagarri denak), batzuetan, jarduera jakin batzuei buruz aritzeko balio du. Jarduera horietan, komunitateko talde handi bati edo pertsona guztiei irekitzen zaie parte hartzeko aukera. Beste batzuetan, aldiz, komunitate-lana egitea esaten da, edo komunitateko ikuspegitik lan egitea, komunitate horretako harremanak eta dinamika parte-hartzaileak sendotzeko xedeaz aritzeko. Komunitateko ikuspegiak aniztasuna (etnikoa, jatorriari dagokiona, funtzionala, sexu-generoari dagokiona, adinaren edo bizitzako zikloaren araberakoa eta abar) kudeatzea ere badakar, elkarrekin bizi diren edozein pertsona taldek berezkoa baitu aniztasuna. Beste kontzeptu batzuk txertatzen dizkio, gainera, iruditeria kolektiboari; hala nola, hurbiltasuna, sarean lan egitea edo boluntariotza-sareak.
Egungo gizarteko ezaugarri komunak eta sarriak dira aniztasuna, konplexutasuna eta dinamismoa. Horregatik, langile gaituak eta programa sinesgarriak behar dira elementu berritzaileak eta esperimentalak dituzten espazio publikoetan.
Komunitate-garapenerako programek herritarren garapen sozialari eta ekonomikoari laguntzen diote, horiek suspertuz, indartuz eta autolaguntza-sareak sortuz, edo beste ekimen sozial edota ekonomikoen, lankidetza-proiektuen, enpresa-proiektuen eta abarren bidez.
Komunitate-lanarekin zerikusia duen errealitatea da komunitate-bitartekaritza, baina gauza ezberdina dira. Gatazkak konpontzeko irtenbide alternatiboa da komunitate-bitartekaritza, eta komunitatea osatzen duten pertsonen arteko bizikidetza ona izatea du xede.
Oso beharrezkoa da herritar guztiei zuzendutako komunitate-bitartekaritzako programak abiaraztea, tresna nagusi gisa elkarrizketa eta elkar ulertzea erabiltzen dituztenak, besteak beste, honako zailtasun hauei aurre egiteko: etorkinen edo gutxiengo etnikoetakoak direnen eta bertakoen arteko komunikazioari, bizikidetzaren eta gatazkak konpontzeko konplexutasunari, kultura-erreferentzietako kodeak ez ezagutzeari, gizarte hartzailearen eta zerbitzu publikoen funtzionamendua eta balioak ezagutzeari, herritarren arteko harremanetako aurreiritziei, estereotipoei eta gatazkei edo pertsonen zaurgarritasun psikosozialari. Horrek onurak ekarriko ditu, bai komunitateko gatazka aktiboak konpontzeko orduan, bai horiek prebenitzeko orduan eta bai herritarren bizikidetza eta parte-hartzearen ideiak sustatzeko orduan.
Lehentasunezko bihurtzen da gizarte-bitartekotza ingurune irekian egiteko beharra, eta diziplinarteko lantaldeekin egin behar da lan hori, elkarrekin edo koordinatuta, gizartearen behar horiei aurre egiteko.
Komunitate-bitartekotza egiteko, beharrezkoa da komunitatean garatu beharreko funtzio publiko gisa duen garrantziaren jabe izatea, espazio publikoetan elkarrekiko harreman eraikitzaileari laguntze aldera, horietan elkartasun-sarerik ez dagoela eta kultura-aniztasunaren, gutxiengo etnikoen zein osasunerako kaltegarriak diren kontsumo-ohituren gaineko iritzi ezberdintasunen ondorioz edo jarrera disruptiboen ondorioz bizikidetzan pitzadura dagoela hautematen bada.
Hartzaileak: udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
9.Prebentzio-jarduerak areagotzea.
Komunitate-lanak zerikusi handia dauka prebentzioarekin. Gertakizun soziala (mendekotasuna, babesgabetasuna, bazterketa) gertatu aurretik egiten den esku-hartzea da prebentzioa, eta, hain zuzen ere, gertakizun hori galaraztea edo, behintzat, atzeratzea du xede. Era berean, egoeraren hasiera-hasierako faseetan (normalean arinak izaten dira) esku hartzen denean ere erabiltzen da termino hori, eta, horretarako, oso garrantzitsua da arazoa goiz hautematea. Prebentzioak balio erantsia dauka, kostu sozialak eta ekonomikoak murrizten baititu.
Udaleko gizarte zerbitzuak eta lehen mailako arreta zerbitzuak, duten hurbiltasuna dela-eta, kokaleku pribilegiatuan daude arretarik eman ez zaien egoerak eta beharrak hautemateko, eta, horretarako, beharrezkoa izango litzateke hau:
•Goiz hautemateko eta esku-hartzeko programa espezifikoak eta jarduteko protokoloak abiaraztea.
•Beste sistema batzuekiko koordinazioa egotea, hala nola, hezkuntza eta osasun sistemekikoa, edo gizarte langintza behar duten egoerak hautemateko tokian dauden beste sistema batzuekikoa.
•Gizarte-ehundurarekin, laguntza-taldeekin, kaltetutako pertsonen elkarteekin edo antolakunde sozial eta solidarioekin lankidetzan egitea lan.
Prebentzio-programa horiek behar bezala antolatu ahal izateko, garrantzitsua da benetako behar sozialei buruz hausnartzea, egoki ebaluatzea horiek eta gizarte-bitartekotza behar izango duten beharretatik bereiztea eskaerak.
Hartzaileak: udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
10.Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren gaineko hausnarketa sakona jorratzea, eta, beharko balitz, berori berrikustea.
Premiazkoa da etxez etxeko laguntza zerbitzuaren definizioari buruzko hausnarketa sakon eta integrala egitea –hurbiltasun printzipiotik, komunitate-eredutik eta prestazioaren beharrezko malgutasunetik abiatuta-, beren etxean bizi-kalitate onargarriarekin egon daitezen laguntza mailaren bat behar duten pertsonengan ikusten diren profil eta behar anitzei erantzun diezaien horrek.
Horrelako elementu garrantzitsuak eduki beharko lituzke berrikuspenak: 1) erabiltzaileen beharrak, hauskortasunetik hasten den, mendekotasun-arriskutik igarotzen den eta mendekotasun-egoeraren mailaren batera iristen den gradientean; 2) prestazioaren intentsitatea eta eraketa –sozialagoa, sozio-sanitarioagoa-, erabiltzailearen beharrekin lotuta; 3) erabiltzailearen parte-hartze ekonomikoa; 4) mendekotasuna duten pertsonen kasuan, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako prestazio ekonomikoekin duten harremana, izan ere, ondorioetan adierazi dugun bezalaxe, batzuetan eta sektore pribatuko zaintzaileen eskaintzaren ondoan, etxez etxeko laguntzaren eskaintza publikoarekin lehiatzen dira horiek.
Zerbitzurako garatuko den arau erregulatzailearen oinarri bihurtu beharko litzateke berrikuspen eta hausnarketa horren produktua, herritarren beharrei egokitutako zerbitzua ematea izan beharko litzatekeelako zerbitzuaren xedea.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
11.Beste bultzada bat ematea esku-hartze sozio-hezitzaile eta psikosozialerako zerbitzuari.
Beharrezkoa da beste bultzada bat ematea esku-hartze sozio-hezitzaile eta psikosozialerako zerbitzuari, honakoetara heda dezan jarduera:
1) Zorroari buruzko dekretuan xedatutakoaren ildoan, intentsitate gutxiko laguntza sozio-hezitzaileak edo psikosozialak behar dituzten pertsona helduak, hau da, mendekotasun-arriskuan dauden pertsonak edo bazterketa-arriskuan dauden (laguntza sozialik ez edukitzea, bakardadea, isolamendua...) familiak eta pertsonak;
2) haurren eta nerabeen babesgabetasuna eragiten duten arazoak, gurasoen eskumenen eta erantzukizunen erabilera egokiarekin eta haurrak babesteko araudi osoan jaso direnekin zerikusirik ez dutenak: jazarpena edo bizikidetza-gatazkak (eskolako testuinguruan eta hori gaindituz), berdinen arteko eta harreman sexu-afektiboetako indarkeria, arriskudun kontsumoa eta abar.
Hartzaileak: udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
12.Zaintzaileei laguntzeko zerbitzua bultzatzea.
Era berean, udalean sustatu behar da zaintzaileei laguntzeko zerbitzua, zaintzaile guztiak irits daitezen zerbitzu horrek antolatutako laguntza guztietara. Horrek hau dakar: 1) erabat onartzea udalaren erantzukizuna dela lehen mailako zerbitzu hori ematea; 2) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztietara hedatzea zerbitzua eta 3) pertsona horien laguntza-beharrak hautemateko orduan hobetzea.
Hartzaileak: udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
13.Prestazioen eta zerbitzuen katalogoan jaso diren lehen mailako arretako eguneko eta egoitzako harrera-zerbitzuak garatzea.
Ezinbestekoa da EAEko udalerri guztietan garatzea eguneko harrerarako, gaueko harrerarako, harrera-pisuetarako, bazterketa egoeran dauden pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitzetarako eta adinekoentzako egoitza-zerbitzuetarako udal zerbitzuak, oraindik urriak direnak edo garatu gabe daudenak, zorroari buruzko dekretuan zerbitzu bakoitzerako zehaztu denarekin eta Gizarte Zerbitzuetako Mapan jasotako lurralde estaldurei eta hedapenari buruzko jarraibideekin bat eginez.
Xede horretarako, egokia litzateke udalerri bakoitzaren errealitatea aztertzeko prozesuei ekitea, eta jada badauden zerbitzuak edota programak kontuan hartzea horietan, bai eta zorroan horien gainean egin den eraketa kontuan hartzea ere, egungo errealitatetik xedetzat jo den errealitatera bitarteko “iragaitzazko” prozesuak marraztu ahal izateko horrela.
Sortuko diren zerbitzuen kasuan, hurbiltasun printzipioaren arabera eta lurraldean egoki eta modu baketsuan heda daitezen (hurbiltasun printzipioa bermatuz eta baliabide jakin batzuk –adibidez, bazterketakoak- udalerri gutxi eta zehatzetan biltzea saihestuz), egoki ikusi dugu aurretiko hitzarmenak egitea zerbitzuaren kokalekua eta leku kopurua zehazteko, edota finantzaketako parte-hartzea edo sarbide-prozedurak zehazteko, hainbat udalerrik partekatutako zerbitzuen kasuan. Lurralde mapetan aurreikusi den garapen-markoan egin liteke prozesu hori, eta, bertan, tartean dauden tokiko erakundeen parte-hartzearekin, lurralde hedapenaren irizpideak eta xehetasun zehatzak/eragileak hitzartuko lirateke.
Hartzaileak: udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
14.Babes publikoko etxebizitza-parkeen jabeak diren herri-administrazioekin akordioak egitea, lehen mailako arretako egoitza-zerbitzuak sustraitzeko behar diren azpiegiturak hornitze aldera.
Udalak, normalean, ez dira etxebizitza publikoen sustatzaileak izaten, eta, beraz, zailtasunak izaten dituzte Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean jasotako prestazioen eta zerbitzuen katalogoaren arabera dagozkien zerbitzu jakin batzuk kokatzeko; zehazki, harrera-pisuak, bazterketa egoeran dauden pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitzak eta adinekoentzako egoitza-zerbitzuak. Zerbitzu horiek eman ahal izateko, lokalak eduki behar dira, eta, batez ere, horiek egonkortasunez eta iraunkortasunez garatu ahal izateko etxebizitzak eduki behar dira eskura.
Etxebizitzen jabeak diren herri-administrazioek, Eusko Jaurlaritzak bereziki, administrazioen arteko akordioen bidez erraztu beharko lukete lokal eta etxebizitza horiek lagatzea.
Hartzaileak: udalak (udaletako taldeak barne hartuta) eta Eusko Jaurlaritza.
15.Zerbitzuen zuzeneko horniketa ordezkatuz ematen diren prestazio ekonomikoen erabilerari buruzko hausnarketa sakona egitea.
Beharrezkoa da zerbitzuen zuzeneko horniketa ordezkatuz ematen diren prestazio ekonomikoen erabilerari buruzko hausnarketa sakona egitea (familia inguruneko zaintzetarako prestazioa eta etxez etxeko arreta zerbitzua, adibidez), eta, bereziki, zerbitzua kontratatzeko prestazio ekonomikoaren erabilerari eta ondorioei buruzkoa. Prestazioaren iraunkortasunak bereziki behar du erregulazioa, izan ere, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen arabera, aldi baterako irtenbidea da, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman sartutako zerbitzu bat aginduta eduki arren, zerbitzuaren estaldura gabezia dela-eta berma ezin daitekeen egoeretarako. Beharrei prestazio horren bidez erantzuteak arriskua dakar, hau da, berez egoeraren araberako zerbitzuen gabezia dena iraunkor bihurtzeko arriskua sortzen da, legearen espirituaren aurka.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
Udalaren kudeaketari eta finantzaketari buruzkoak
16.Udalen arteko lankidetza sustatzea, udalaren erantzukizuneko zerbitzuak eta udalerria baino lurralde-eremu handiagoak berezkoa duten konplexutasunari aurre egiteko.
Udalaren erantzukizuneko zerbitzuak eta udalerria baino lurralde-eremu handiagoak berezkoa duten konplexutasunak egoki egin lezake udalen arteko lankidetza formulak sustatzea eta ezartzea.
•Kasu batzuetan, finantzaketa-lankidetzari bakarrik egingo diote erreferentzia, kostuen ordaina eta prozedurak erregulatuz, gizarte zerbitzuen eskualde edo eremu bat estaltzen duen lurraldean erroldatutako pertsona guztiek eduki dezaten zerbitzurako sarbidea, zerbitzu hori zein udalerritan kokatuta dagoen gorabehera.
•Besteren artean, egokiagoa izango da zerbitzuen kudeaketa partekatua –baita finantzaketa ere- udalen arteko elkartze-formulen bidez egitea, mankomunitateen bidez adibidez, edo, are, administrazioen arteko partzuergoen bidez egitea ere, maila ezberdineko administrazioen parte-hartzearekin.
Foru aldundiek zeregin garrantzitsua dute “udalerria baino lurralde-eremu handiagoetako” zerbitzuak emateko orduan, bai udalen arteko lankidetza-formulak sustatuz, bai administrazioen arteko lankidetza-formulen bidez emanez zerbitzuak.
Hartzaileak: foru aldundiak eta udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
17.Udaleko aurrekontuetan behar diren baliabide ekonomikoak egon daitezela bermatzea, udalaren eskumeneko gizarte zerbitzu guztiak emateko herritarrei –kalitate maila egokietan-.
Eusko Legebiltzarrak duela gutxi onartu du toki gobernuaren eredua, eta, horren bidez, herritarrengana gehiago hurbiltzea eta berezko eskumen multzo bat edukitzea aitortu zaie udalei. Horien artean daude gizarte zerbitzuei dagozkienak. Eredu horrek, gainera, udal-autonomiaren funtsezko bi alderdi txertatu ditu; hau da, eskumenak eta finantzaketa, ulertuz, udalaren behar besteko finantzaketarik gabe, ezin daitezkeela horren erantzukizunen erabilera zuzena eta tokiko zerbitzu publikoak egoki ematea bermatu. Euskal erakundeei dagokie bermatzea, Kontzertu Ekonomikoaren markoan, eta Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen arrazoien azalpenean adierazi denez, “toki finantzaketak udalek egotzita dituzten eskumenekin bat egin dezala, udalaren toki autonomia eraginkor egite aldera”.
Marko horretan, toki autonomiaren eta finantzaketa nahikotasunaren printzipio gidarien pean, finantzaketa ez-baldintzatua baita ezarritako arau orokorra, gizarte zerbitzuen eremuak berezkoak dituen eskumenak osorik onartuz (horien hedadura osoan / ondorio guztiekin), eta Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean xedatutakoarekin bat eginez, egokia da udaletako aurrekontuak behar besteko baliabide ekonomikoez hornitzeko eskatzea, udalaren eskumeneko gizarte zerbitzu guztiak emateko herritarrei –kalitate maila egokietan-, bere erantzukizunak zuzen erabiltzea bermatuz horrela.
Hartzaileak: udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
Araudia garatzeari eta sistema eratzeari buruzkoak
18.Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean aurreikusitako araudi-garapenean eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren hedapenean aurrera egitea: eskudun saileko baliabideak indartzea.
Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen xedapen gehigarriek zenbait aurreikuspen ezartzen zituzten gizarte zerbitzuen sistema hobetzeari buruz, bai eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Zorroa eta Gizarte Zerbitzuen Plan estrategikoa egin eta onar zedila ezartzen ere. Atzerapenez bete dira bi horiek.
Aurreikuspen horien artean, Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioaren Euskal Sistema sortzea edo Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia erregulatzea zeuden jasota, baina egiteko zain jarraitzen dute.
Era berean, ez dira zorroko zerbitzu eta prestazioak erregulatuko dituzten arauak garatu, eta ez dira jada badauden baina eguneratzea behar duten dekretuak berrikusi (adinekoentzako egoitza-zentroak eta eguneko baliabideak, babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako egoitza-baliabideak eta abar).
Zerbitzuak ituntzeari buruzko araudia ere egiteko dago, EAEko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko Legea onartu ostean are premiazkoagoa izaki hori. Azkenik, erabiltzailearen parte-hartze ekonomikoari buruzko araudia aipatuko dugu. Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen zazpigarren xedapen iragankorrean dago aurreikusita, eta eragin handia dauka Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren garapenean eta bilakaeran eta udaleko gizarte zerbitzuek zerbitzuak kudeatzeko unean.
Arauzko egintza horrek guztiak, sistema antolatzearen eta kudeatzearen inguruko zereginekin batera, beharrezko egiten du Gizarte Zerbitzuen Euskal Zerbitzuak eraginkorki hedatzeko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saila indartzea.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritza.
19.Euskadiko udalerriak biltzen eta ordezkatzen dituzten elkarteen ekintza-gaitasuna indartzea, ordezkaritza-zereginak hobetu ahal izan ditzaten, beste babes-sistemekiko (osasun sistema, hezkuntza sistema, diru-sarreren bermea, etxebizitza) komunikazioa eta lankidetza hobetze aldera, bai eta horien gaikuntza teknikoa hobetzeko xedez ere, aholkularitza-beharrei aurre egiteko eta gizarte-bitartekotzarako eta bideratzerako tresnak eta baliabideak egiteko.
Gizarte zerbitzuen sistema ezaugarritzen duten deszentralizazioak eta zatikatzeak zaildu egiten dituzte beste sistema batzuekiko harremana eta lankidetza, bai eta baterako ekimenak abiaraztea ere. Gabezia horrek, beste jardunbide batzuen artean, lehen mailako arretarako gizarte zerbitzuetarako baterako protokolo homogeneoak ezartzea mugatzen du, beste babes-sistema batzuekiko harremanari gagozkiolarik.
Bestetik, beste babes-sistema batzuek gizarte zerbitzuei zuzentzen dizkieten proposamenei erantzun homogeneoa ematea zailtzen dute; bereziki, lehen mailako arretarako zerbitzuei egindako proposamenei baterako erantzuna ematea. Horrek eraginkortasuna eta dinamismoa kentzen dizkio pertsonarengan zentratutako arretaren ikuspegitik hain beharrezkoa den lankidetzari.
EUDEL aurrera eramaten ari den lidergo politikoa ez da nahikoa izaten ari xede hori lortzeko; beraz, aipatu lidergoari laguntzeko beste formula batzuk ezarri beharko lirateke erantzun egokiak eman ahal izateko eta elkarrizketa politiko eta teknikoa emateko komunikazioan, bai gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, bai beste babes-sistema batzuekin.
Ildo horretan, garrantzitsua litzateke ekintza-gaitasun handiagoa ematea EAEko udalerriak biltzen eta ordezkatzen dituzten elkarteei, ordezkaritza eta gaikuntza teknikoko zereginak hobetu ahal izan ditzaten, bai laguntza teknikoa emate aldera, bai lan-prozesuak gidatzeko (horiek dinamizatuz, aktibatuz, sustatuz...) protokoloak, metodologiak eta gizarte langintzan behar diren beste tresna batzuk adostasunez gauzatze aldera.
Hartzaileak: EUDEL.
20.Prestazioen eta Zerbitzuen Zorroa behar bezala eguneratzea.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duten eta erantzukizun publikokoak diren prestazioen eta zerbitzuen multzoak erantzun egokia eman behar die, une oro, artatzen dituen pertsonen eta taldeen beharrei. Horretarako, beharrezkoa da behar bezala eguneratuta edukitzea Prestazioen eta Zerbitzuen Zorroa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean jaso diren mekanismoen edo egoki ikus daitezkeen beste mekanismo batzuen bidez.
Berrikuspen- eta ebaluazio-prozesuan, kontuan hartuko da eskariaren bilakaera –zahartzetik eratorritako gertakizun eta beharrizan berriak, migrazioa, krisiaren gizarte-eragina edo laguntza formalaren eta informalaren arteko oreka, besteren artean-, bai eta eraginkorrak direla erakutsi duten ikuspegi eta metodologia berriak ere. Prozesu horrek zerbitzuak gehitzea edo kentzea ekar dezake, edo zerbitzuaren ezaugarriak eta modalitateak berriro zehaztea edo aldatzea.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
21.Ezagutzaren eta I+G+Bren kudeaketa-jarduerak sustatzea.
Esku-hartze eta praktika profesionala ebaluatu eta hobetzeko, eskari eta behar berriei erantzuteko, talde zientifiko-tekniko komuna eratzeko eta praktika profesionala kohesionatzeko bultzada eman behar zaie ezagutzaren eta I+G+Bren kudeaketa-jarduerei. Horren arabera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia garatzea sustatu behar da, organo horrek jasotzen baititu aipatu zereginak. Bestalde, berrikuntzari ateak irekitzeko jarrera eduki behar dute sistemako eragile guztiek, esperientzia berriak gidatzea erraztuz horrela.
Lehen mailako arretari dagokionez, interesgarria litzateke lankidetza, esperimentazioa, berrikuntza eta elkarrekiko ikaskuntza ahalbidetzeko espazio teknikoak eratzea udalerrien artean, 5. gomendioan azaldutakoaren ildoan.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
22.Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Informazio Sistema garatzea.
Premiazkoa da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Informazio Sistema garatzea, sisteman erantzukizuna duten eragile guztiek (horien artean, udalek eta gainerako toki erakundeek) eduki dezaten beharrezko informazioa, bai plangintza-zereginetarako, bai estatistika-eragiketetarako. Horrek, besteren artean, hau dakar:
•Epe laburrean eta adostasunez diseinatzea eta ezartzea sistemako eragile guztiei behar duten informazioa emango dien tresnaren bat (plan estrategikoan proposatutakoaren ildoan), horiek “elikatzen” laguntzeko konpromisoarekin, hitzartutako terminoetan.
•Tokiko erakunde guztiek, beren udal-egintza garatzeko unean, orokorrean erabil ditzaten egokientzat jotzen diren erregistroak eta adierazleak hitzartzea.
•Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean jaso diren Prestazioen eta Zerbitzuen Zorroarekin lerrokatzea jada badauden tresnen kontzeptuak eta adierazleak eta estatistika-eragiketak.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritza.
Sistemen barruan eta horien artean, ad intra eta ad extra lankidetzari eta koordinazioari buruzkoak
23.Lehen mailako eta bigarren mailako arretaren arteko koordinazioa: lankidetzarako protokoloak edo hitzarmenak egitea eta desadostasunak ebazteko mekanismo eraginkor bat ezartzea.
Lan egiteko modu berriak eskatzen ditu pertsonarengan zentratutako arretak. Horren arabera, zerbitzu ezberdinak beren artean koordinatu behar dira, pertsonei beren beharren araberako erantzun integrala emateko. Horretarako, protokoloak edo lankidetza-hitzarmenak egin behar dira lehen mailako eta bigarren mailako arretaren artean, baterako arreta emate aldera, eta erabiltzaileak egoki bideratu daitezen. Era berean, beharrezkoa da koordinaziorako eta egiaztapenerako espazio egonkorrak egotea, elkarrekin egiteko baliabide egokienera bideratzeari buruzko balorazioak, edo sartzeko ibilbide egokienak diseinatzeko edo baliabideetarako sarbidea malgutzeko.
Azkenik, badirudi gomendagarria dela mekanismoren bat ezartzea mendekotasun, babesgabetasun eta bazterketari buruzko balorazioetan egon daitezkeen desadostasunak ebazteko.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
24.Koordinazioa diru-sarrerak bermatzeko sistemarekin: oinarrizko gizarte zerbitzuen eta Lanbideren arteko harremana eta horiek diru-sarrerak bermatzeko sisteman duten zeregina berrikustea.
Diru-sarrerak bermatzeko sistemak kanpoan uzten ditu oinarrizko beharrei aurre egiteko behar besteko baliabide ekonomikoak ez dituzten pertsonak, bai betekizunak ez betetzeagatik, bai betebeharrak bete ez dituztela balioetsi delako. Ondorioz, pertsonek eta familiek oinarrizko gizarte zerbitzuetan eskatzen dituzte laguntza eta arreta, behar oinarrizkoenei aurre egin ahal izateko eta prestazioak berreskuratzeko ibilbide instituzionalean laguntza eskatzeko.
Oinarrizko gizarte zerbitzuen eta Lanbideren artean aurreikusi den lankidetza-markoa pertsonen enplegagarritasunari eta gizarteratze aktiborako hitzarmenetan izena emateari bakarrik dago lotuta, hartzaile nagusiak edo bizikidetza-unitateko kide batzuek esku-hartze soziala eskatzen duten kasuetarako.
Pentsiodunak edo bazterketa egoera larrian dauden pertsonak ez lirateke talde horretan sartuko, izan ere, ez dira enplegagarriak. Hala ere, askotan, bi sistemek ematen diete arreta, eta, beraz, bikoiztu egiten dira horien arretari bideratutako baliabideak. Gainera, urte hauetan, Lanbidek zailtasunak dituela hauteman da, gizarte bazterketa egoera larrian dauden pertsonei arreta emateari dagokionean.
Pertsona askok jarraitzen dute oinarrizko gizarte zerbitzuetara jotzen informazio eta aholku eske; bai prestazio ekonomikoen hartzaile izateko bildu behar dituzten betekizunei buruzkoa, bai prestazioak berrabiarazteari buruzkoa, aipatu prestazioen abonua eteten zaienean. Hortaz, bete behar dituzten betekizunen inguruan arreta eta aholkua ematen jarraitzen dute gizarte zerbitzuek.
Azaldu dugun egoera dela-eta, bi sistemen arteko lankidetza eta koordinazioa berrikusi beharko litzateke.
Orain arte koordinaziorako aurreikusi den neurria protokolo bat aktibatzea izan da, bai Lanbideren aldetik, bai oinarrizko gizarte zerbitzu baten ekimenez. Proposatu dugun lankidetza-protokoloa, ordea, ez dute udal guztiek sinatu, eta ez dira modu orokorrean aplikatzen ari. Beraz, zabal berrikusi beharko lirateke bai lankidetza mugatzen duen markoa, bai aurreikusitako prozedura.
Bi sistemen arteko lankidetza egon dadin, elementu hauek aurreikusi behar dira:
•Bi sistemek partekatu behar dute informazioa; hortaz, beharrezkoa da bi sistemek burututako jarduerak jasotzeko tresnaren bat edukitzea. Horrekin, gizarte zerbitzuek artatzen dituzten bazterketa egoera larrietan (edo, oro har, pertsonak enplegagarriak ez direnean), eta partekatutako informazioari erreparatuta, Lanbidek zerbitzu horien esku utzi ahal izango du prestazio ekonomikorako eskaera.
•Oinarrizko arretarako gizarte zerbitzuetara bideratu behar dira Lanbideren bulegoetan artatzen diren eta, gizarte bazterketa edota mendekotasun edo babesgabetasun arriskuan edo egoeran egoteagatik, hau da, zerbitzu horiek berezkoak dituzten gertakizunengatik, esku-hartze soziala behar duten pertsonak.
•Gizarte zerbitzuen txostenek Lanbidek kudeatzen dituen prestazio ekonomikoen espedienteetan izango duten garrantzia hitzartu behar da, bai betekizunak betetzeari dagokionean, bai prestazioak etetea edo iraungitzea adosten duten ebazpenei dagokienean.
•Era berean, komenigarria litzateke txosten sozialek jaso beharko luketen edukia adostea, diru-sarrerak bermatzeko sistemarako baliagarriak izan daitezen.
•Gizarteratze Aktiborako Hitzarmeneko konpromisoak Arreta Pertsonalizaturako Planean (eta alderantziz) txertatuko al diren eta nola, eta bietan aldaketak sartzeko prozedura txertatuko al den eta nola.
•Oinarrizko gizarte zerbitzuko erreferentziazko gizarte langileek eta Lanbideko lan-orientatzaileek hartu dituzten konpromisoen segimendua, hau da, Banakako Jardunbide Planean eta Gizarteratze Aktiborako Hitzarmenean sartutako konpromisoak bete diren ala ez baloratzeko modua.
Diru-sarrerak bermatzeko sistemari lotutako prestazio ekonomikoen kudeaketak -etxebizitzako gastuak konpentsatzekoak eta gizarte behar larrietarako laguntzen hornidura eta erregulazioa barne hartuta- eragin zuzena dauka udaleko gizarte zerbitzuetan; beraz, eremu horretan hartzen diren erabakiek (etxebizitzarako prestazio osagarriaren etorkizuneko ezabaketak, adibidez), bai legegintza mailan, bai antolakuntza eta kudeaketa mailan, kontuan hartu beharko lukete zer-nolako eragina duten udaleko gizarte zerbitzuetan, eta, horretarako, eta funtsezko alderdi gisa, kontuan hartu beharko lukete udaleko gizarte zerbitzuen iritzia.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
25.Koordinazio soziosanitarioa: patologiaren bat duten pertsonekiko lankidetza garatzea.
Arreta soziosanitarioak, gaur arte, prestazio sanitarioak eta gizarte zerbitzuetako prestazioak aldi berean behar dituzten eta mendekotasuna duten pertsonei zuzendu dizkie ahalegin handienak. Bide bat egiten hasi dira, eta beharrezkoa da bide horretan aurrera eginez jarraitzea, baina beste egoera batzuk ez dira hain aintzat hartzen.
Gizarte zerbitzuetara jotzen duten eta arreta eskatzen duten pertsonek (gizarte bazterketa egoera larrian daudelako, edo genero-indarkeria jasaten ari direlako edo jasan dutelako eta abar), batzuetan, osasun arazoak izaten dituzte, bai substantzia toxikoekiko mendekotasuna dutelako, bai osasun mentalarekin edo mugaketa funtzionalekin zerikusia duen patologiaren bat garatu dutelako. Tarteko egoerak ere badaude. Horietan, osagai sanitariodun arreta eskatzen duten pertsonak daude; hala nola, ebakuntza baten osteko edo prozesu patologiko larri baten osteko susperraldietan, ospitaleko senda-agiria jaso dutenean.
Gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonei bideratutako zentroek ez dituzte gailu sanitario propioak edukitzen. Aipatu gabeziari aurre egiteko programa batzuk garatu dira, baina ez lurralde guztietan, eta behar direnak baino plaza gutxiago dauzkate. Gizarte bazterketa egoera larrian dauden pertsonen taldeari arreta emateko zerbitzu soziosanitarioak garatu behar dira, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 46. artikulua betetzeko.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
26.Koordinazioa hezkuntza sistemarekin: eskola-eremuarekiko lankidetza sakontzea.
Eskola-eremua espazio egokia da gizarte-bitartekotza edo komunitate-bitartekaritza edo komunitate-garapenerako programaren bat behar lezaketen gizarte-arazoak hautemateko; adibidez, gutxiengo etnikoen edo kulturalen gizarteratzeari edo bizikidetza-gatazkei eragiten dieten gizarte-arazoak hauteman daitezke eskola-eremuan. Beste alde batetik, esku-hartze sozio-hezitzailerako programetan artatzen ari diren familiak daude, eta, programa horietan, hezkuntza-zentroarekin koordinazioa egotea aurreikusten da.
Azken urteotan, areagotu egin dira bi sistemen arteko lankidetza eta koordinazioa, baina, oraindik ere, profesionalen borondatearen mende egoten jarraitzen dute horiek hein handi batean, ez baitago hezkuntza-zentro guztietara zabaldu den protokolorik eta ez baitira aldian aldiko bilerak egiten udaleko gizarte zerbitzuen eta udalerriko hezkuntza-zentroen artean, familia esku-hartze sozio-hezitzailerako programa batean parte hartzen ari denean eta nahitaez eskolatzeko egoeran dauden adin txikikoak daudenean izan ezik.
Beharrezkoa litzateke bi sistemetan dauden baliabideei eta prozedurei buruzko informazioa eta prestakuntza areagotzea eta hobetzea, lankidetza-kultura garatze aldera, gizarteko arazoak hautematea, beharrezko kasuetan gizarte zerbitzuetara bideratzea eta bi sistemen arteko lankidetza egotea izanik horren xedea.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak (udaletako taldeak barne hartuta).
27.Euskadiko Hirugarren Sektoreari buruzko Legean onartutako konpromisoak betetzea eta tokiko erakundeen eta udaleko gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea.
Euskadiko Hirugarren Sektoreari buruzko 6/2016 Lege berriak, maiatzaren 12koak, arauzko markoa erregulatu eta hornitu die gizarteratzeko, mendekotasunaren arretarako edo babesgabetasuneko eremuetan lan egiten duten elkarteei. Lege hori aurrerapausoa izan da, izan ere, diru irabazi asmorik gabeko elkarteen funtzionamendua eta printzipioak erregulatzen ditu, bai eta horiek herri-administrazioekin duten harremana eta gizarte politikak diseinatzeko orduan duten rola arautu ere. Interes orokorraren defentsan egiten duten lana aitortzen die legeak, baita erantzukizun publikoko sistemen izaera osagarria aitortu ere, interes orokorreko gizarte zerbitzuen hornikuntzari dagokionean. Era berean, gizarteratzeko eta laguntza informala emateko eragile izaera aitortzen die. Gizarte ekimena denez horien jatorria, eta oinarri soziala dutenez, baita boluntarioen parte-hartzea ere (batzuetan, gizarte zerbitzuen erabiltzaileak berak izaten dira boluntario), legitimoak dira lankidetza mota hori gauzatzeko orduan.
Dimentsio hirukoitz batean azaleratzen dira garatzen dituzten ekintzak. Alde batetik, zaurgarritasun eta desberdintasun egoeran dauden pertsonek eskatzen dituzten informazioan, soziabilitatean eta baliabideen kudeaketan, zerbitzuetan eta prestazioetan. Bestetik, elkarrizketa politikoan eta egintza administratiboan eta judizialean. Azkenik, salaketan, sentsibilizazioan eta gizartearen kontzientziazioan. Dimentsio hirukoitz horrek jarduera jakin batzuk eskatzen ditu; hala nola, gizarte zerbitzuekiko lankidetzaren eta koordinazioaren ingurukoak, Elkarrizketa Zibilaren mahaian eta Ekonomia eta Gizarte Batzordean aurreikusi den parte-hartzearen ingurukoak, baita kontsultarako eta aholku emateko beste organo batzuetan ere (Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua eta herritarrek parte hartzeko edo gizarte zerbitzuen tokiko kontseiluak beste adibide batzuk izango lirateke esku artean dugun eremuan), eta erantzukizun publikoko zerbitzuak ematearen ingurukoak. Xede horretarako herri-administrazioekiko harreman ekonomikoari eragiten dioten neurriei dagokienean, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean aurreikusi diren itun-araubidearen eta finantzaketa-ereduaren arauzko garapena aipatu behar da: itun sozialen araubide bereziak, lankidetza-hitzarmenak eta lankidetza-akordioen markoak. Funtsezkoa da legezko aurreikuspen horiek betetzea gizarte zerbitzuak hobetu daitezen.
Beste alde batetik, koordinaziorako eta egiaztapenerako espazio egonkorrak egon behar dira, zerbitzuak emateko unean hirugarren sektorearekin koordinatze aldera, eta udalei dagokie horiek taxutzea, baterako balorazioak eta jardueraren gaineko segimendua egin ahal izateko.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak (udaletako taldeak barne hartuta).